Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak gaur arratsaldean eman dizkie dagozkien kasuen inguruko txostenak Rosa Zarraren eta Pasaiako sarraskiko lau biktimen senideei. Iragan astean txostenei buruzko hainbat xehetasun zabaldu ziren arren, familiek gaur jaso dute agiri ofizial osoa. Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak eskura eman die bilera batean. Zabaldu da biktima estatusa aitortu zaiela, eta senideek esana dute espero dutela aitortza publiko handiago baten atarikoa izatea.

Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Rosa Zarraren eta Pasaiako lauren —Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas— senitartekoek itxaropena dute senideen heriotzaren inguruko argibide gehiago jasotzeko. Bide luze baten amaiera izango da horientzat guztientzat, Balorazio Batzordeak urteak behar izan baititu ikerketak egin eta txostenak idazteko.

Albistea osorik: Berria.eus

Pasaiako Badia Plakari erasoa