Senideek eman dute erabakiaren berri. Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas 1984ko martxoan hil zituzten, tiroz; 113 bala zulo zenbatu zituzten haien gorpuetan.

Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Jose Mari Izura eta Rafael Delas, Pasaiako (Gipuzkoa) sarraskian hildakoak, motibazio politikoko biktima gisa aitortu ditu Eusko Jaurlaritzak. Haien senideek gaur jakinarazi dute erabakia. Hain zuzen, larunbatean beteko dira 41 urte dozenaka poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako kide haiek tiroka hil zituztenetik. Senideek adierazi dutenez, etzi prentsaurreko bat egingo dute, lehenbiziko balorazioa egiteko.

Xehetasunak etzi emango dituzte, baina aitortza egiteko Jaurlaritzako Balorazio Batzordeak erabilitako dokumentazioaren zenbait pasarte aurreratu dituzte gaur. Batetik, batzordeak ondorioztatu du bizitzeko eskubidea urratua izan dela: «Poliziak nahita eta askoz lehenagotik planifikatutako ekintza baten ondorioz, eta bizitza kentze hori nahita egindakoa izan zela».

«Autopsiak hortxe daude; lau gazte zuloz josita, eta frogarik ez armak erabili zituztela esateko; kontakizun ofizialak kontraesan garbi-garbiak ditu; lekukotzek eta zeharka bildutako datuek zalantza objektiboak eragiten dituzte; polizia-agintariek behin eta berriz uko egin diote esateari nortzuek agindu edo parte hartu zuten gertakari haietan; etengabe ibili dira nahas-mahasean ea lortzen zuten informazioa berandutzea, oztopatzea eta ezkutatzea; faktore horiek denak ustezko egitateak dira, denak ere azkenean argi eta garbi norabide berean doazenak: polizia operazio omen zena epaiketaz kanpoko exekuzio bilakatzen da», dio pasarteetako batek. Are, nabarmendu dute espedientearekin batera aurkeztutako aditu txostenak erakusten duela badirela zenbait zantzu erakusten dutenak «epaiketaz kanpoko exekuzioa» izan zela; hala nola, balen kopurua, mota eta ibilbidea, eta ikerketarik ez egotea.

Bestalde, post mortem ikerketaren zenbait xehetasun eman dituzte, esanez kasua ez dela «behar bezala» ikertu: «Ez zen aztertu gertakarien lekua, gorpua altxatzea ere eskas eginda dago, ez zen arropa aztertu, eta ez zen egin ez azterketa kriminalistikorik ez balistikorik». Beste pasarteetako batek dio justizia administrazioan ez zela egon «ikerketa judiziala bultzatzeko jarrera proaktiborik». «Inork inolako ikerketa eginbiderik proposatzen bazuen agenteak identifikatzeko edo 1984ko martxoaren 22an Pasaian zer gertatu zen argitzeko, fiskaltzak, ia-ia beti, aurka egin du», gehitu dute.

Gainera, Balorazio Batzordeak Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari gomendatu die aitortza eskaera egin diezaietela Espainiako Estatuko erakundeei, «aztertutako egitateetan haien segurtasun kidegoek eta indarrek izandako erantzukizuna kontuan hartuta».

Info+: berria.eus

Pasaiako Badia Plakari erasoa